BRTA sariek Euskadiko 17 zentro teknologikoren bikaintasunezko ikerketa aitortzen dute
Barakaldon, 2025eko maiatzaren 26an. BRTA (Basque Research & Technology Alliance) aliantzaren sariak gaur, astelehena, banatu dira Orconera-Lutxana Industria Bilduma eraikinean, Barakaldon, Imanol Pradales Lehendakaria, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua eta Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusia buru direla. Gainera, Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak eta Urkiri Salaberria Kultura Ondarearen zuzendariak parte hartu dute ekitaldian.
Sarien hirugarren edizio honetan, BRTA aliantzak hiru ikertzaile saritu ditu aliantzaren zentroetan egindako ibilbide luze eta emankorragatik: Igone Velez Isasmendi (Ceit), Maurizio Prato (CIC biomaGUNE) eta Montserrat Casas Cabanas (CIC energiGUNE). Eta hiru gazte, berriz, etorkizun handiko ikerketagatik: Irune Aguirre Troncoso (Ikerlan) eta Aroa Ramos Mainar (Cidetec) eta Nerea Aranjuelo Ansa (Vicomtech).
BRTA aliantzaren zentroetan ikertzen, teknologia garatzen eta transferitzen diharduten pertsonen lana aitortzeko, baloratzeko eta sustatzeko balio dute sari hauek. Saritutako pertsonek, beren lanarekin, I+G+Bko euskal sistema indartzen laguntzen dute, garapen ekonomikoa, enpresen lehiakortasuna eta gizarte-ongizatea bultzatuz.
Rikardo Bueno BRTA aliantzako zuzendari nagusiak sarrerako hitzaldian nabarmendu duenez, “sari hauekin aitortza egin nahi diegu ikerketaren eta berrikuntzaren bitartez Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialean BRTAk duen funtzio garrantzitsua indartzen laguntzen duten pertsonei”.
Imanol Pradales Lehendakariak itxi du BRTA aliantzaren sari-banaketaren ekitaldia. Azken hitzaldian, ekitaldiari amaiera emateko, hau nabarmendu du egungo eraldaketa teknologikoen, ingurumenekoen eta demografikoen paradigman ziurtasun bakarra dugu: “berritzen ez duena atzean geratzen da. Elkarlanean jardun behar dugu, aurrerapen teknologikoak batez ere gure enpresa txiki eta ertainetara hurbiltzeko, horiek baitira berritzeko baliabide eta erraztasun gutxien dituztenak. Baita ekonomia berriari lotutako enpresa proiektuak sortzeko ere: biozientziak, industria adimenduna, datuen ekonomia, teknologia garbiak, material berriak edo elikadura jasangarria. Azken batean, gure ehuna babestu behar dugu, lehiakorragoa eginez, eta berria sortuz”. Gainera, Lehendakariak azpimarratu duenez, “ziurgabetasun-garai hauetan ezagutzaren aldeko apustuan sakontzen ari gara, herrialde aurreratuenen mailan jartzeko anbizioa dugulako. Horretarako, 2030ean Ikerketa eta Garapeneko Barne Produktu Gordinaren % 3ko inbertsio maila lortzeko helburua jarri diogu geure buruari”.
Bestalde, Mikel Jauregi sailburuak nabarmendu duenez, “gure zentro teknologikoetan egiten den ikerketak benetako zentzua hartzen du ezagutza hori enpresetara transferitzean, berrikuntza eta garapen teknologikoan aurrera eginaraziz gure ekoizpen-sareari. BRTA aliantza funtsezko eragilea da prozesu horretan, eta haren azken helburua da gure industria lehiakorragoa izatea, sektore horrek sortzen duen aberastasunaz, ongizateaz, aurrerapenaz eta kalitateko enpleguaz jabetuta. Horregatik guztiagatik, gure ikertzaile junior eta seniorren aintzatespena ere eskertzekoa da, gure ekonomia produktiboaren eta gure gizartearen ongizatearen aurrerapenari emandako bultzadagatik”.
Saritutako ikertzaileak
Ibilbidea kategorian hiru aintzatespen egin dira BRTA aliantzaren zentroetan egindako ibilbide luze eta emankorragatik.
Igone Velez Isasmendi Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) Dibisioko zuzendaria da Ceit-en. Bere ikerketa-arlo nagusia sistema elektronikoen eta komunikazio-sistemen diseinua da, eta adierazi duenez, “funtsezkoa da gailu elektronikoen jasangarritasunean aurrera egitea, haien energia-kontsumoa murriztuz eta haien osagaien birziklatzea hobetuz”.
Maurizio Prato Ikerbasqueko irakaslea eta CIC biomaGUNE Karbonoaren Bionanoteknologia taldeko burua da. Biologian, medikuntzan, energian eta ingurumenean aplikazioak dituzten material berrien garapenean oinarritzen dira haren ikerketa-ildoak. Adibidez, “gure proiektuetako batek karbonozko nanohodiak erabiltzen ditu nerbio-hazkuntza estimulatzeko, etorkizunean bizkarrezur-muinean lesioak dituzten pazienteei mesede egingo liekeen estrategia bat. Lesio-mota horri ekiteko, diziplina arteko ikuspegi sakona behar da, eta taldeko kide bakoitzak modu originalean eta sortzailean laguntzen du irtenbideak bilatzen”.
Azkenik, Montserrat Casas Cabanas, berriz, CIC energiGUNEko Energiaren Biltegiratze Elektrokimikoaren arloko zuzendari zientifikoa da; baterietarako materialak diseinatzen ditu, eta haien egiturak eta mikroegiturak propietateetan nola eragiten duten aztertzen. “Ororen gainetik, nire benetako pizgarria da jakitea gure ikerketak benetako eragina izan dezakeela gizartearen eta industriaren erronka handietan”, adierazi du ikertzaileak.
Era berean, etorkizun handiko ikerketa kategorian, ikerketan orain arte egindako lanagatik eta etorkizun oparoa izateagatik hiru ikertzaile saritu dituzte.
Irune Aguirre Troncoso Arkitektura Informatikoan doktorea da, eta, gaur egun, Ikerlaneko Fidagarritasun eta Zibersegurtasun Metodoen taldeko arduraduna. "Nire ikerketa-ildoa egunero erabiltzen ditugun sistema kritikoen segurtasunean oinarritzen da, hala nola ibilgailuak, igogailuak edo garraiobideak. Sistema horiek kontrolatzaileen mende daude, eta baliteke kontrolatzaile horien hutsegiteek pertsonak arriskuan jartzea. Nire lanaren helburua da modu seguruan eta fidagarrian funtzionatzen dutela bermatzea”, adierazi du ikertzaileak.
Bestalde, Aroa Ramos Mainar ikertzaileak Cidetec Energy Storage-n egiten du lan. Adierazi duenez, “nire ikerketak jasangarritasun energetikoa sustatzen du, iturri berriztagarrietarako trantsizioa errazten duelako eta material kritikoekiko mendekotasuna murrizten duelako. Industriari dagokionez, irtenbide eraginkorragoak eta errentagarriagoak eskaintzen ditu, negozio-aukera berriak sortzen ditu eta ingurumen-araudi gero eta zorrotzagoen betetze-maila hobetzen du".
Azkenik, Nerea Aranjuelo Ansak Vicomtech-en egiten du lan Sistema Konektatuak, Kooperatiboak eta Autonomoak sailean; ibilgailu instrumentalizatuen pertzepzio-sistemetan oinarritzen da bere lana. "Adimen artifizialaren aurrerapen azkarrak bultzatutako iraultza teknologiko baten parte izateak motibatzen nau. Garraioaren sektoretik, gure ikerketak eguneroko bizitza hobetzen duten sistema seguruagoak eta eraginkorragoak garatzen laguntzen du”, adierazi du ikertzaileak.